#AzkenIndioak

Berriak / Noticias / News / Notícies
26 December 2018
gatibu-blog-azken-indioak-salto-bideoklipa-desio-izatetik-egi-bihurtzeraino

Desio izatetik egi bihurtzerainoko saltoa

Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.
Gatibu.

Azken boladan bideoklipak asko hedatu dira interneten. Bideokliparekin, abesten den kantu bateko istorioa irudi batzuekin lotzea gura izaten da eta beraz, disko bat egoki promozionatzeko ia ezinbesteko erreminta bilakatzen da. Baina hain da handia dagoen bideo kopurua oso garrantzitsu bihurtzen dela burutze prozesuan parte hartzen duten xehetasun guztiak kontutan izatea lan zehatz batek eta egiteko denak biribil irten dezaten.

Bideokliparen iraupena laburra da baina, ba al dakizu zenbat lan dagoen “bi minutu” horien atzean? Lehendabizikoz, toki aproposenak bilatu kontatu nahi den istorioa kokatzeko, jantzitegi egokia bilatu, grabaketaren segundo bakoitza planifikatu, eta beste hainbat gauza. Behin planifikatutako guztia taldeko pertsonen artean onartzen denean grabaketa hasten da. Luzea lehen hartualdietan lortzen dena ez badator bat eman nahi den irudiarekin.

Aste honetan Gatiburen bideoklip berria argitaratu da, Salto! kantuarena, Arriguri izeneko ikus entzunezko sorkuntza taldeak egina. Bermeoko talde gaztea, sorkuntza kalitatez, freskotasunez eta gaurkotasunez beterik dagoena. Proposatutako ideiarekin bat eginez aurrera egin zen bere eskutik helduta.

Ez zuen gauza serio edo solemne bat egin nahi Arrigurik, umoretik begiratu nahi izan zion kantuari astuntasunetan erori gabe. Horretarako, Gatibuk Katalunian programaturik zituen kontzertu bitara joatea pentsatu zuen, road movie bat?

Azaroaren 13 eta 14ean Cerdanyola eta La Bisbal d’Empordàko areto bitan jotzekoa zen musika taldea bere disko berria Azken Indioak aurkezteko. Bermeoko emakume batengan pentsatu zuen grabaketa ekipoak bideoklipeko protagonista papera egiteko, Ane Lauzirika. Emakume jubilatu batek bere kostaldeko herritik Kataluniara egiten duen bidaiaren narrazioa egiten du bideoak. Salto horretan Gatibu taldearekin topo egiten du elkarrekin esperientzia dibertigarriak biziz. Gaur egun ez dakigu Ane etxera bueltatu den ala ez, bere bizitzan Salto egitea erabaki zuelako desio bat egi bihurtzeko asmoarekin.

Lehengo grabazio saioa azaroaren 13an egin zen Cerdanyolako Dresden aretoan. Unibertsitateko ikasleen jai bat zegoen antolatuta, “jueves universitario” delakoa. Gaueko 00:30ean hasi zen jotzen Gatibu aretoa 18 eta 30 urte bitarteko gazteez leporaino beteta zegoenean. Festarako gogo itzela zeukan jendeak eta harrera oso ona eta beroa eskaini zuten. Kontzertua bere ekuatorean zegoela, bat-batean argi-foko eta kameraz armatutako gazte talde bat agertu zen emakume nagusi baten atzetik grabatzen. Arriguriko zoroak eta gure Ane. Aretoko gazteekin interakzio bikaina izan zuen Anek, dantza eta kanta eginez inongo lotsarik gabe. Antzezpen oso sinesgarria egin zuen (edo agian ez zen antzezpena izan?). Kar, kar, kar… Aretoko kamerinoetan ordu txikitan bukatu zen grabaketa hartako gau gogoangarri hura eta atseden hartzera erretiratu ziren denak hurrengo egunean zuten saio luze bati aurre egin ahal izateko.

Goizean goiz hoteleko irteera eta furgoneta barruko eszenak grabatu ziren Girona hirira bidean. Behin alde zahar ederrean zeundela, paseatzen filmatu zituzten irudi batzuk eta Partisano arropa denda alternatibora sartu ziren Anentzako arropa modernotxoago bat bilatzeko asmoz. Eta baita aurkitu ere! Egokiena aukeratu eta zuzenean gosea asetzeko esperantzaz bertako jatetxe batetan elkartasunean bildu ziren giro ederrean paella, itsaskia eta Empordàko ardoz betetzeko denen sabelak.

Bazkalondoan La Bisbal d’Empordàrantz abiatu zen ziztu bizian kuadrila osoa bertako L’Alternativa aretoan zuten emanaldikoaren irudiak ere grabatzeko bezpera egunean egin zuten moduan.

Ideia edo gag batzuk aurre pentsaturik zeuzkaten Arriguriko mutilek baina Gatiburen buru txoroetatik irteten zihoazen beste batzuk askatasun osoz sartzea ere bertan momentuan erabaki zuten. Gehientsuenak baliagarri suertatu ziren. Naturaltasun hori nabaria da azken emaitzean, freskotasuna eransten dio.

Oso gustura ibili zen Gatibu Anerekin solasean eta antzezlanean, prestutasun handia erakutsi zuen eszenak eta gag barregarriak lotsa gabe errepikatzeko unean edo gauza berriak probatzeko jokabidearekin. Eroso bilakatu zitzaien lana taldekide guztiei beraiengan ezezaguna zaien antzezpenaren munduan, hein handi batean Arriguri bezalako lan taldeak profesionaltasun osoz gidatu zituztelako.

Bistan da Gatibuk, orokorrean, ondo pasatzen duela bideoklipak egiten, erronka berrietarako eta esperientzia desberdinetarako demostratzen duen jarrera positiboa.

Disfrutatu bideoklipaz.

#Salto

Bideoklipa: "Salto!"

Gatiburen Youtube kanala

Sartu eta harpidetu Gatiburen kanal ofizialera taldearen bideorik gal ez dezazun.
Youtube

 

FacebookGoogle+LinkedInPinterestTwitter