#AzkenIndioak

Berriak / Noticias / News / Notícies
30 November 2018
Sonicranch Studio - Gatibu & Santi García

Azken Indioak, hausnarketa gure kulturaren etorkizunaren inguruan

Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.
Gatibu.

Gure zortzigarren lana Azken Indioak, musikarekin toki ezezagunak deskubritzeko saiakera etengabean, geltoki berri bat da. Abentura berri bat hasteak sortzen duen zirrara berriz sentitu nahiean, kantu hauek sortzen hasi ginen. Nondik gentozen bagenekien, baina ez nora gindoazen, eta gure barruak uneoro kontatzen ziguna entzunez joan ginen sorkuntzaren bide ezegonkor eta malkartsuan aurrera. Ez gara atzera asko begiratzekoak sortzeko unean eta ez dugu errepikatzea maite. Kantuetan lehen esan ez duguna esateko saiakera egiten dugu, hori izanik motibazio indartsuenetako bat.

Hitzetan ere haratago joaten saiatu gara, gauzak esaten ez genituen eran esaten, gehiago hausnartuz. Gure kantuen izaera alaia eta bizia galdu gabe hausnarketari espazio zabalagoa utzi diogu. Azken Indioaken kontzeptua erakargarria eta iradokitzailea iruditu zitzaigun lan honetarako. Ez disko kontzeptual bat egiteko, baina bai hausnarketa sustatzeko gure kulturaren etorkizunaren inguruan.

Gure asmoa kantu berriak beste dimentsio batera zabaltzea izan zen hasieratik. Gu geu harrituko gintuen zerbait egitea eta aldi berean gure publikoa ere. Pentsatu genuen bazela momentua atzerrira joan eta abentura berri bat bizitzeko, betikotasunetik atera eta ezezagunera salto egiteko.

Texas eta Mexiko artean kokatzen den arrantxo bat izan zen aukeratutako lekua gure saltoa burutzeko. Sonic Ranch Recording estudioetan bederatzi eguneko itxialdia egin genuen, jan, lo eta grabatu. Lan egiteko era berri bat eta bizipen berri bat.

Madonnaren estudioan urteetan erabili zen soinu mahai mitikoan grabatzea edo Steve Ray Vaughanena izan zen 1961eko gitarra zahar batekin aritzea izan ziren musikarion “Disneyland”-en burutu genituen fantasietako batzuk.

Sonoritate berriak bilatzen saiatu ginen, arriskuak hartuz eta Santi García ekoizleari gure kantuetan eskua sartzen utziz. Santi eskarmentu handiko ekoizle kataluniarra da, Delorean, Berri Txarrak, La M.O.D.A., La Habitación Roja, Jeremy Enigk, Standstill, The New Raemon eta beste hainbat eta hainbat talderi disko pilo bat ekoiztu dizkien gizasemea. Beregain konfiantza jarri eta guk hartuko ez genituen bideak hartzera ausartu ginen bere eskutik helduta. Horrek, zalantzarik gabe, beste lanengandik bereizketa nabarmen bat suposatzen du, soinuari dagokionez batik bat. Gero gustukoa den ala ez entzule bakoitzaren esku geratzen da.

#AzkenIndioak

Gatiburen Youtube kanala

Sartu eta harpidetu Gatiburen kanal ofizialera taldearen bideorik gal ez dezazun.
Youtube

 

FacebookGoogle+LinkedInPinterestTwitter